
Ereñoko Udalak publizitate hitzarmena sinatu du HITZAgaz
Ereño Lau urtetarako hitzarmena sinatu dute erakunde biek eta urtero BUSTURIALDEKO HITZAn gutxienez 786 eurotako publizitatea sartzeko konpromisoa hartu du Udalak.
zihara enbeita
BUSTURIALDEKO HITZA egunkariak Ereñoko berriak sarri ematen dituela deritzo Ereñoko Udalak eta, gainera, «BUSTURIALDEKO HITZAren lana onuragarria dela Ereñorako zein Busturialderako». Eskualdean euskara bultzatzen duten bestelako komunikabideen lana ere aintzat hartzen du Udalak.
Gauzak horrela, HITZA argitaratzen duen Busturialdeko Hedabideak S.L enpresagaz lau urtetarako publizitate hitzarmena sinatu du atzo bertan Udalak.
Elkarlanerako konpromisoa
Busturialdeko Hedabideak S.L.-k euskara bultzatzen eta eskualdeko berri ematen jarraitzeko konpromisoa erakutsi duela ikusita, Udalak elkarlanean aritzeko borondatea adierazi du.
Izaskun Gonzalez Busturialdeko Hedabideak S.L enpresako kudeatzaileak eta Juanjo Arribalzaga Ereñoko alkateak sinatu zuten atzo aipatu akordioa. Hain zuzen ere, azaroaren 29an onartu zuen udalbatzak akordio hori.
Atzo sinatutakoaren arabera, Udalak BUSTURIALDEKO HITZA egunkarian urtean gutxienez 786 eurotako publizitatea sartzeko konpromisoa hartzen du. 2008- 2011 urteetarako da hitzarmena.
Euskararen normalizazioa
Finantziabide publiko zein pribatua, biak uztartzen ditu BUSTURIALDEKO HITZAk eta euskarazko komunikazioan zein kultur erakundeetan du sorburua. Hori guztia aintzat hartu du Udalak hitzarmenean.
Era berean, argi ikusten dute HITZAren helburua euskararen erabilera areagotzea eta euskararen normalizazioari begira lan egitea direla.
############
«Busturialdeko Hitza enpresa pribatua baino, zerbitzu publikoa delako lagundu gura dugu»
Jesus mari ziluagaðIbarrangeluko alkatea
Ibarrangelu Udalak BUSTURIALDEKO HITZAren bost harpidetza erosi ditu, diru laguntzaren gaia aztertzen duten artean
z. enbeita
Armendu plataformak hauteskundeen aurretik ere HITZA laguntzeko asmoa agertu zuen. Bost harpidetza erosi berri ditu Udalak.
Zer dela eta hartu duzue harpidetzak erosteko erabakia?
Hauteskundeetako gure programan ere agertzen zen HITZAri laguntza eman beharra. Gero hori gauzatzerakoan, pentsatu genuen aurtengo urterako ere zerbait egin behar genuela. Maiatzean izan ziren hauteskundeak eta urtea amaitzera zihoanez, zeozer egin behar zela pentsatu genuen. Ahalik eta HITZAtik egin diguten eskaera aztertu arte. Orduan, 300 euroko laguntza ematea erabaki genuen, baina harpidetza bitartez. Diru laguntzari karga positiboa eman gura genion. HITZAri laguntza emateagaz batera, herrian bertan ere egunkari horren irakurketa bultzatzea.
Zein helbururekin?
Diru laguntza eta harpidetzak uztartzea zen gure asmoa. Herritarrek ikusi dezaten diru laguntza ez doala zaku batera, besterik barik. Gure erabakiak lejitimitate handiago dauka era horretan. Herriko jendea ere laguntzen dugu, euskaraz irakurri dezaten.
Zelan banatu dituzue harpidetza horiek?
Sendagilearen kontsultan, udaletxean zein herriko dendan uzten ditugu, jendeak irakurri dezan. Sortu zenean HITZAk egin zuen bezela.
Hori aurtengo urteari begira. Eta datorren urtera begira Hitzaren eskaria aztertzen ari zarete.
Datorren urtean aurrekontuetan sartzea da gure asmoa. Laguntza handiagoa emateko. Ez dakit biztanleko hiru euroko eskaerara heltzeko gai izango garen, baina horretara hurbildu gura dugu. Beti ere, gure bitartekoak kontuan hartuta. Ikusten dugulako BUSTURIALDEKO HITZA enpresa pribatua baino zerbitzu publikoa dela. Udalentzako zein herritarrentzako zerbitzu publikoa. Eta euskal kulturarentzako eta euskararentzako batez ere. Eta eskualdean daukagun egunkari euskaldun bakarra da. Lan handia egiten du. Inguruko herrietan zer gertatzen den jakiten dugu orain. Interesgarria da alde horretatik. Helburua informazioa ematea da eta hori interesgarri egitea. Hori lortzen ari dela edota lortu duela esango nuke.
############
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.