
osertz lejarretaðTxipi Txapa zaldi taldeko kidea
«Zaldiari tratu egokia eman behar zaio lasterketa irabazteko»
Ereño Ereñoko Udalak eta Gernika-Lumoko Txipi Txapa zaldi taldeak antolatuta, herriko II. Raid-a zapatuan egingo dute 9:30etik aurrera.
MIREN KORTA
Ereñoko Udalak eta Gernika-Lumoko Txipi Txapa zaldi taldeak herriko Raid-a antolatu dute bigarren urtez. Aurten, antolatzaileek babesle gehiago lortu dituzte eta ekimena apurka-apurka biribiltzen joatea espero dute. Hala adierazi du Txipi Txapa taldeko kide den Osertz Lejarreta ereñarrak.
Nola sortu zen Ereñoko Raid-a antolatzeko idea?
Ni aspaldi ari naiz mota honetako zaldi lasterketetan parte hartzen. Nigaz batera, beste lagun batzuk ari dira zaldien munduan. Iaz Busturialdean Raid bat antolatzea pentsatu genuen, eskualdeko geografiak horretarako aukera ematen duelako. Gabikako San Juan festak aprobetxatzea ideia ona iruditu zitzaigun. Azkenean, Gernika-Lumoko Txipi Txapa zaldi taldeak bere gain hartu zuen txapelketa antolatzearen ardura.
Zer da Raid bat?
Raid-a zaldiekin egiten den erresistentzia lasterketa da. Orokorrean ibilbide luzeak izaten dituzte. Aurten, Ereñoko lasterketa bi kategoriatan banandu dugu. Alde batetik, 75 kilometroko luzera duen zirkuitua daukagu eta, bestetik, 35 kilometrokoa. Raid-a froga gogorra da, zalantza barik. Zaldiaren egoera fisikoa oso garrantzitsua da, ibiltzen ordu asko eman behar dituelako. Hala ere, fase batetik bestera ordu erdiko etenaldiak egiten ditugu
Aurten Raid-aren bigarren edizioa egingo duzue. Nola joan zen lehenengoa?
Iaz lehenengoz egin genuen Ereñoko lasterketa. Ez zen parte-hartzaile askorik egon. Jendeak mesfidantzaz ikusten ditu txapelketa berriak ez dutelako zirkuituaren osaketari eta antolakuntzari buruzko informaziorik. Bidearen egoera, zaldiak maldan gora zenbat egin behar duen eta mota horretako aldagai guztiek eragina izaten dute azken emaitzan. Jockey-ek gauza horiek guztiak kontuan hartu behar dituzte. Oraingoan oztopo horiek gainditzeko lanean dihardugu eta iazko parte-hartzaile kopurua handitzea espero dugu.
Zein desberdintasun egongo da iazko eta aurtengo zirkuitoen artean?
Hasteko, iaz kategoria bakarra antolatu genuen eta parte-hartzaile guztiok maila berean lehiatu ginen. Kategoria txikia zen, 30 kilometrokoa. Aurten, ordea, azaldu dudan bezala bi kategoria izangodira. Bata gogorragoa, zaldiarentzako exijenteagoa eta 75 kilometroko luzera izango duena, hain zuzen ere; eta bestea motzagoa, 35 kilometrokoa.
Nolako harrerra izan du Ereñoko Raid-aren bigarren edizio honek zaldien zaleen artean?
Izena emateko epea joan den astean zabaldu zen eta gaur bertan itxiko dugu, printzipioz. Hala ere, iazko esperientziak jendeak gauzak azken momentura arte atzeratzeko ohitura daukala konfirmatzeko aukera eman zigun. Ziur nago zapatu goizean baten bat hurbilduko dela momentuan izena ematera lasterketan parte hartzeko. Publikoaren aldetik ere, iazko ikusle kopurua handitzea espero dugu. Gure aldetik lasterketa ezagutzera emateko ahaleginak egin ditugu, zapatuan gurera ahalik eta lagun gehien erakartzeko.
Zenbat lagunek eman dute izena dagoeneko?
Momentuz, lasterketak izan duen harreragaz pozik gaude. Dagoeneko joan den urteko parte-hartzaile kopurua berdindu dugulako eta azken momentura arte ez dugulako apuntatzeko aukera hori itxiko.
2007ko parte-hartzaile kopuruagaz alderatuz, zenbat jende gehiago egotea espero duzue?
Iaz hamabost lagun inguru aritu ginen. Aurten, parte-hartzaile kopurua bikoiztera heltzea benetan pozteko moduko berria izango litzateke. Hortik gora, hogeita hamar jockey gehiago lortzen baditugu, askoz hobeto. Esan bezala, azken momentura arte ez dugu jakingo zenbat lagun ariko garen, baina esperantza badaukagu gutxienez aurreko urteko kopurua gainditzeko, eta momentuan ditugun datuen arabera, helburua lortzeko aukera handiak ditugu.
Zaldiarentzako gogorra izan behar da erresistentziako lasterketa batean aritzea. Zelakoa da zaldiek jasotzen duten tratua?
Hasieran, zaldiek aurretiko azterketa fisikoa gainditu behar dute. Lasterketara atera baino lehenago zaldiaren egoera ezagutzea behar-beharrezkoa da. Fase bakoitza bukatzean, zaldiaren egoera kontrolatzen da. Zaldia trostan ibili ostean, minik hartu baduen aztertzen da. Pultsazioak, tenperatura, tentsioa eta heste-mugimenduak ondo egon behar dute lasterketan jarraitzeko. Albaitariek segurtasuneko parametroetatik kanpo dagoen zerbait ikusiz gero, parte-hartzailea kanporatu dezakete. Beraz, zaldiari tratu egokia ematea behar-beharrezkoa da erresistentziako lasterketetan. Bestela, gerta daiteke helmugara lehenengo heltzea, baina kontrola ez gainditzea zaldiak gehiegizko nekea erakusten duelako .
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.